PVPC

Kontsumitzaile Txikientzako Borondatezko Prezioa (Precio Voluntario al Pequeño Consumidor, PVPC)

PVPC tarifa erregulatua da erreferentziazko merkaturatzaileek saltzen duten hornidura elektrikoaren tarifa.
PVPC tarifa erregulatua da, eta bere baitan bai kostu erregulatuak (bidesariak eta karguak) eta bai merkatuak ezartzen dituen prezioak (elektrizitatea sortzearena) hartzen ditu.
Jarraian PVPC tarifaren egitura eta osagaiak zehaztuko ditugu, dauden tarifa-mota eta haien ezaugarriekin batera. Aurrerago,  PVPC tarifen eta merkaturatzaile libreek eskaintzen dituzten tarifen artean dauden aldeak zehaztuko ditugu.
PVPC tarifaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira:
  • PVPC tarifa 10 kW baino gutxiagoko potentzia kontratatuta duten kontsumitzaileentzat dago eskuragarri, bai konexio monofasikoan, bai trifasikoan.
  • Monofasikoan, kontratatu daitezkeen potentziak 1,15 kW-eko tarteetan (edo 5 A×230 V) antolatuta daude, 9,2 kW-era arte (= 8×1,15 kW). Potentzia baxuenetan erdiko tarteak ere badaude. Ondorengo taulan, potentzia normalizatuen tarteak erakusten dira, tentsio baxuko hornidura elektrikorako.
Ondorengo taulak PVPC tarifaren egitura erakusten du:
tabla1 euskaraz
Adibide moduan, jarraian PVPC 2.0A (ordu-bereizketarik gabekoa) tarifaren arabera 4,6 kW-eko potentzia kontratatuta duen konsumitzaile baten faktura kalkulatuko dugu, 2015eko urtarrilerako, suposatuz bezeroak 250 kWh kontsumitu duela (urtean 3 megawatt-ordu, 3 MWh/urte, gutxi gorabehera Estatuko batezbesteko kontsumoa etxebizitzetan). Horretarako, 2015eko urtarrilean indarrean zeuden terminoak erabiliko ditugu (TEU, TPU, TPA…):
TPA = 38,043426 €/kW·urte = 0,104229 €/kW·egun
MCF= 4 €/kW·urte = 0,010958 €/kW·egun
TEA = 0,044027 €/kWh
TCU = 0,084837 €/kWh
tabla2 euskaraz
Potentzia-terminoa, kontratatutako potentziarekiko era proportzionalean fakturatzen dena, 16,42 €-koa da. Energia-terminoa, berriz, kontsumitutako energiarekiko era proportzionalean fakturatzen dena, 32,22 €-koa da. Bi termino horiei zerga elektrikoa gehietzen zaizkio —zerga berezietako bat—, eta kontagailuaren alokairua ere, administrazioak erregulatutako beste kostu bat dena. Guztiari %21eko BEZa ezartzen zaio.
Faktura elektrikoa ezin da inoiz zero izan, bezeroak gutzienez, beti, kontratatutako potentziaren araberako potentzia-terminoa ordaindu behar baitu, eta dagozkion zergak ere. Gutxieneko zenbateko hori, nulua ez dena, batere elektrizitaterik kontsumituko ez balu ordaindu beharko luke bezeroak.
Beraz, elektrizitatearen kostuak zati finko bat dauka (gutxienekoa) eta beste bat aldakorra (kontsumitutako elektrizitatearen arabera). Fakturaren egitura horren eraginez, kontsumo elektrikoa, kilowatt-orduko eurotan kalkulatuta (€/kWh), gero eta baxuagoa da fakturazio-aldian kontsumitutako elektrizitatearen zenbatekoa handitzen den heinean (geroago itzuliko gara kontu horretara).
Energia elektrikoaren horniduraren prezioen inguruko gardentasuna errazte aldera, araudiak dio faktura elektrikoak (etxean jasotzen dugun erreziboa) honako kontzeptu hauetan egon behar dela banakatuta:
  • Ezarritako zergak. Kontzeptu honek zerga elektrikoa eta BEZa biltzen ditu. Landutako adibidean 13,4 € da.
  • Elektrizitatea sortzearen kostua eta merkaturatzearen marjina. Honek biltzen ditu merkatu libreak ezartzen duen energia-terminoaren zatia (21,21 €) eta merkaturatze marjina (1,56 €); gure adibidean, guztira 22,77 €.
  • Erregulatutako kostuak. Bidesariak potentzia-terminoan (14,86 €) eta energia-terminoan (11,01 €) biltzen dira. Gure adibidean, guztira, 25,87 €. Kostu erregulatu hauek, euren aldetik, beste hiru termino hauetan banakatzen dira,administrazioak ezartzen duen proportzioaren arabera, administrazioa baita bidesarien osaketa ezartzen duena:
    • Berriztagarrien, baterako sorkuntzaren eta hondakinen inguruko pizgarriak. 2015ean kostu erregulatu guztien %35,69 dira.
    • Garraio- eta banaketa-sareen kostuak. 2015ean kostu erregulatu guztien %34,53 dira.
    • Beste kostu erregulatu batzuk (defizitaren urteroko ordainketa barne). 2015ean kostu erregulatu guztien %29,78 dira.
Informazio hori guztia ondoko irudietan jasotzen da:
kostuak 1kostuak 2
Kostu horiei guztiei kontagailuaren alokairua gehitu behar zaie (adibidean 0,81 €) faktura elektrikoaren zenbateko finalera heltzeko (62,85 €).

Merkatu libreko sorkuntza elektrikoaren kostuaren ezartzea, PVPC tarifaren barruan

Gorago erakutsitako fakturaren adibidean ikus daitekeenez, kontsumitutako elektrizitatearen kilowatt-orduak (250 kWh) 0,084837 €/kWh-ko kostu baten bidez biderkatzen dira, energia-terminoa kalkulatzeko. Jada esan dugunez, elektrizitatearen kostu elektriko hori merkatu libreak ezartzen du. Atal honetan, prezio hori ezartzeko prozedura azalduko dugu.
Indarrean dagoen araudiak (hemen eta hemen) dio PVPC tarifa bat duten bezeroei fakturatutako zenbatekoak fidelki islatu behar dituela elektrizitateak merkatu librean dituen orduz orduko prezioak. Prezio horiek orduz ordu aldatzen direnez, fakturazio guztiz zuzen batek kontsumitzailearen orduz orduko kontsumoen erregistroa eskatuko luke. Aukera hori posible izango da kontsumitzaile guztiok kontsumo elektrikoaren orduz orduko kontrola izaten dugunean, kontagailu adimendunen bidez egindakoa. Horren bitartean, araudiak fakturazioa kalkulatzeko metodo alternatibo bat ezartzen du; horren arabera, energia-fakturaren koefizienteak kalkulatzeko (TEU eta TCU terminoak), sistemaren operadoreak (Red Eléctrica de España, S.A.; REE) periodikoki kalkulatu eta argitaratzen dituen batez besteko kontsumoen profilak biderkatzen dira sorkuntza elektrikoaren orduz orduko prezioen bidez.
Kalkulu hori konplexua denez, hura errazteko sistemaren operadoreak (REE) publikoaren esku aplikazio telematiko erraz bat jartzen du (LUMIOS kalkulagailua) energia aktiboko terminoaren bi osagaiak kalkulatu ahal izateko bidesarien eta karguen energia-terminoa (TEU) eta energia-kostuen terminoa (TCU) aplikazioan kontsumitutako kilowatt-orduko kopurua eta fakturazio-aldia sartuta. LUMIOS kalkulagailuak ematen dituen zenbateko horiek, hain zuzen ere, orduz orduko kontsumo errealaren kontrolik ez duten bezeroen fakturetan agertu behar diren termino berberak izan behar dute, baldin eta PVPC tarifa bat kontratatuta badaukate.
ehusfera - UPV/EHUko blog zerbitzua - IKT Gerenteordetza - Vicegerencia de las TIC

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina